XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

IZUGARRI BATEN JARDUNA.

Ni naiz onbretxaparo, txoriak uxatzeko mozorro bat.

Ezurrak zurezkoak ditut, ez ezurrezkoak.

Aragi bearrean, lasto.

Nere jantziak... ai, nere jantziak!.

Etxeko zarpa guziak gaixo onentzat.

Igandetan, etxeko alaba apain-apain jantzita kalera dijoala, bekaitzez betea nauzute.

Pozik aterako nintzaioke bidera, eta bere soñeko polita, ri-rau! kenduko nioke, au neretzat, arrayo esanaz.

Bañan ezin, ezin, onbretxaparo, txoriak aizatzeko mozorro bat, besterik enaizelako....

Astegunetan etxekoak soro-lanetan oi-dabiltza nere ondoan.

Aien soñeko zarrak ikusteak amorrazten nau.

Adabakiz betetako eta pixa ta gorotzaz zikindutako nagusiaren galtzak, laister neretzat noski.

Ezkontza-denborako amonaren gona, koipe ta aurren kaka dariola, laister neretzat.

Neretzat zatar zikin guziak!.

Esango nieke: arren, etxekoak, zaldun-jantzi garbi eta apaiña nai nuke urtean bein geio ezpadare, erriko pestetan edo, nagusiaren egunean edo....

Au eskatuko nieke, bai, bañan ezin, ezin, onbretxaparo naizelako.

Nik beste izenak ere ba ditut: kuzu, txorimalo, izugarri, espantapájaros (au kaletarrek diote) eta ola.

Lurralde ontan, nere zarpak gizonezkoak ba-dira onbre-txaparo deitzen didate, eta emakumekoak badira, berriz, andre-txaparo.

Txori-uxatzalle ni, omen.

Auxe da lana.

Lagun bakarrak ditudan txoriak nik izutu bear....

Azia eta landare-aleak jaten dituztela txoriek.

Eta neri zer?.

Jan dezatela nai duten guzia, gosez baldin badira.

Lenengo egunetan txoriak beldur oi-dira nire itzalaz, bañan ni presuna ez naizela konturatzean lagunik ausartena bialtzen didate probalari.

Saltoka datorkit ondora, eta mokoakin ale bat arturik, igurtzi baño len, begira gelditzen zait, nere asmoak igertzeko.

Nik biotz-biotzetikan esango nioke: Jan zak, mutil, jan lasai, eta datozela lagunak, danentzat ba-da ta....

Bañan ezin, ezin, maite oriek uxatzeko, ain zuzen, mozorroa naizelako.